Manifestua

MANIFESTUA

Naturaren osasuna, herriaren etorkizuna.

Gure lurra zaindu nahi dugu. Eta zaintzea, gehienetan, haren erritmoetan ahalik eta gutien eragitea da. Hortaz, haren gainean eraiki nahi diren pelotazo urbanistikoak, xehatu nahi gaituztenak, gelditzea.

AROZTEGIA: zer da?

Lekaroz, 340 biztanle dituen Baztango herria da eta hortxe kokatzen da Aroztegia izeneko proiektu urbanistiko turistikoa. Batez ere espekulatiboa. Luxuzko hotel bat, 22 hektareatako golf zelaia eta 228 etxebizitza egin nahi ditu Palacio de Aroztegia S.L. enpresak.

Postaletako proiektua, baina ez irudi duena bezain argia, garbia. Itxuraz, “proiektu turistikoa” irudi duen arren eta hala saltzen saiatzen badira ere, gibelean espekulazio urbanistikoa ezkutatzen dute aldiro.

Espekulazioa eta kalte sozio-ekologikoak medio, proiektu honi HAINBERTZETAN erran diogu ezetz:

  • 2009an Lekaroztarren bi herenek ezetz erran zuten batzarrean.
  • 2015eko erreferendumean parte hartu zuten hamarretik bederatzi Baztandarrek proiektuari ezetz erran zioten.
  • Baztango udala eta batzar nagusia ere aurka agertu ziren.

Enpresaren erantzuna:  alkatea eta alkate ohia auziperatzea.

Zenbat urte, ze adin, ze itxura eta batez ere, zenbat sos behar da norbaiten hitza errespetatzeko? Ez al gara gure herriko etorkizuna erabakitzeko kapazak?

Nola lortu dute orduan proiektuarekin aitzin segitzea? UGPS (PSIS espainolez)

Nafarroako Gobernuak UGPS lege-tresnaren irakurketa bortxatua eginez, udalerriari eskumena kendu eta lurrak enpresa pribatuaren esku utzi zituen zenbait herritar euren lurrak saltzera behartuta edo lurrak ebatsita. Lege-tresna honek askotariko erabilpenak ditu eta aunitzetan udalerri bat baino gehiagoren arteko proiektuak aitzin ateratzeko erabiltzen da, komunikazioa errazteko eta denbora-epeak laburtzeko. Kasu honetan, udalerri bakarrean, EZEZKO argi baten aitzinean, herriaren hitzaren gainetik paratzeko erabili da; denon onerako proiektutzat salduz, norbaiten onerako zer den beraiek erabakita.

Zergatik ez dugu nahi halako proiekturik?

Halako proiektu batek Baztango errealitatea hankaz goiti paratzen du. Lehenik eta behin, ez da herritarren hitza errespetatu. Hori da, hasmentatik, arrazoirik pisutsuena. Proiektuak udalerrian izango dituen eraginak izendatu aitzinetik, kezkagarriena eta onartezinena herritarren hitza ez errespetatzea da. Horrek hankaz goiti paratzen ditu udalerriak bere lur propioetan, bere bizitza ulertzeko maneretan erabakitzeko dituen eskumenak. Argudio honekin aski da afera ulertu nahi duenarentzat.

Zer da denen onerako?? Zaila halakoetan adostasunetara iristea. Baina, aski da jendartea engainatzearekin ere. Lana, turismoa, aukerak,… Gu ez gaude turismoaren kontra, baina turismoa toki jakin bateko errealitatera egokitu behar da eta ez aldrebes. Turismoa kontrolatua egon behar da bertakoen errealitatea erabat aldatu ez dezan, eta herri bat ez dadin osoki turismoaren dependiente izan. Udalerrirako alternatibetan pentsatu behar dugu, baina burujabetza baterantz laguntzen digutenetan, eta horretarako bideak eraiki beharko ditugu; horretan, herritarrok, geronek beharko dugu pentsatu eta ekin gure landagunea kontutan hartuta. Ez da gure onerako proiekturik, guk ez badugu hala pentsatzen.

Krisi ekosoziologiko garaian egin behar ez denaren adibidea da. Zerbaiten dependiente bagara, gure lurrarena izango gara. Gure lurrak duen osasunaren araberakoa izango baita etorkizuna.

Azkenik, eta ez bukatzeko, Baztango sozio-demografia eraldatuko du halako proiektu batek. 340 biztanle dituen herri batean 750 turistentzako etxeak egin nahi dira eta horrek lurralde antolaketa osoa desorekatzen du. Gure hizkuntzan, euskaran, kalte nabarmenak izan ditzake; zerbitzuen saturazioa ekar dezake (adibidez, osasun zentroan, trafikoan, ur kontsumoan eta bertze zerbitzu publikoetan); herri batzarrak desorekatzea; Baztango paisaia historiko-naturala kaltetzea eta kutsadura bisuala; gentrifikazioa, etxeen eta zerbitzuen prezioak goitituz toki andanatan gertatu bezala… Hitz gutitan, Baztan-Benidorm bat sortzea.

Halako enpresarien munduan, lurraren balioa segun eta lurra norena den eta lagunak nor dituzun aldatu egiten da. Hala gertatu da estatu mailan behin baino gehiagotan, diru mugimendu zikin horietan aberastu dira guti eta pobretu aunitz. Baina gure herrietan nahi dugun eredu sozioekonomiko zaharberrituarentzat, lurra forma horietan ulertzen dutenak gelditzea bertzerik ez zaigu gelditzen.

Ez dugu Aroztegiarik nahi, ez dugu eredu hori amesten.
BIZITZEKO BAZTAN nahi dugu guk.
Eta hori, herritarron lana da.
Hortaz: AROZTEGIA GELDITUKO DUGU!