Aroztak ekimenak elkartasuna adierazi die Arbonako okupatzaileei

Prentsa ohar honen bitartez Aroztak herri ekimenetik gure babesa eta elkartasuna adierazi nahi diogu Arbonan lurrak okupatzen ari den mugimenduari. Lekarozen egin nahi duten bezalaxe, bertako herriarekin loturarik ez duten espekulatzaileek, inongo zilegitasunik gabe, nekazal lurrak bereganatu nahi dituzte. Lurra landu eta bertako elikagaiak ekoizteko erabili beharrean, aberats bakar batzuen kapritxoak asetzeko erabili nahi dituzte, nekazariak lurrik gabe utziz.

Gure bizimoduaren, kulturaren eta bizitzaren kontrako bertze eraso bat da. Aroztegian bezala, Arbonan pasatzen ari dena, Euskal Herri osoaren kontrako erasoa denez, erantzun bateratua eman behar dela uste dugu. Horregatik dei egiten dugu Arbonatik proposatzen diren ekintza eta auzolanetan parte hartzera.

Ohar hau aprobetxatu nahi dugu elkartasuna eta elkarlanaren garrantzia gogoratzeko, borroka bat aitzinerat atera eta irabazteko ezinbertzekoa baita. Herri desberdinetan gertatzen ari bada ere, borroka bakarra baita. Aroztegiko borrokan herritarrengandik jaso dugun elkartasuna eta babesa eskertzen dugun bitartean, herri bezala dugun indarra Arbonarat bideratu nahi dugu ondoko asteetan.

Espekulaziorik Ez!

Euskal Herria ez dago salgai!